XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baserritarraren mihiak paper hegala busti zuen ta bere esku trebeak tolestu, tabakoa hertsiaz.

Geroxeago, poltxikotik fosforoak aterata, zigarroa piztu zuen.

Zigarrotxo okerretik, ke urdinezko mataza itxura gabeko bat irten zen.

Joxek arnasa egiten du sakonki, tabakoaren zapore mina dastatuaz.

Une batez kamino aldera begira lotu da.

Arratsaldea da.

Automobil bat igaro da.

Piztuta daroazan argiei esker izan ezik, Joxek ez zuen ikusiko lainoa zela-ta.

Joxe Intxaurtietako, zigarrotxoa ezpainetan, segalari ari da berriro ere....

Astoak, ebakietarik jaten du patxadaz.

Halako batez, zingira ondoko urkietan zaratatxo bat entzun du.

Begiratu baina... ezer ere ez du ikusten, lainoa oztopo.

- Ba! Joxek pentsatu arratoiren bat noski.

Geroxeago beste hots bat hurbilago.

Joxe erne geratu da.

- Nor izan daiteke? dio berekiko.

- E!, nor dabil hortik.

Ixilune bat igaro ta erantzunik ez da heltzen.

- Ba! saguren edo piztiren bat... Joxek kolkorako, horregatik ardurarik ez.

Baina hirugarrenez entzun zuenean beldurtu zen apur bat ta (kodaina) sega harturik hotsen kausa jakitera joan zen.

- Nor dabil hor? dio hagitz, bere buruari adore eman nahiz.

Urkietarantz doa.

Bisuts artetik urkien azal xuri beltza dakusa zirriburruz.

Astiro (kodainaz) segaz sasiak eta arantzak alderatzen ditu ta begiak ahalik eta zabalduenik jarri.

Ezer ere ez dago.

Zigarrotxoa bota egiten du.

Halako batean, belarra zapaltzen entzun da; hots tiki bat, entzungaitza, baina Joxeren belarri zoliek hartu dutena.

Burua tximista bezain aguro itzuli du eta orduan, gauza luze eta beltz bat nola datorkion dakusa. .